XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1793ko negu hura beltz eta luze zihoan.

Eta egunero entzuten ari ziren albisteak are eta beltzago.

Ohi zutenez, Manex eta Beñat maiz biltzen ziren elkarrekin, etxean, mendian eta sarritan herriko tabernan.

Behin baino gehiagotan ezetz esan beharra izan zieten, kontrabandoa pasa zezatela eskatzen zietenei.

Donibaneko plazan baino soldadu gehiago zebilek gure mendi horietan; azeririk ere ez litzateke ibiliko haiek sumatu gabe.

Garai txarrak heldu zaizkiguk, adiskide.

Hurrengo batetan beharko! erantzunez uzten zituzten.

Nolakoa ote zen egoera, Manex eta Beñatek hori esateko!.

Egunen joanean, negua poliki poliki eztitzen ari bazen ere, egoera geroz eta larriagotuz zihoan: euskaldunentzat bederen bai.

Frantses agintariek euskal mutilez osaturiko soldadu-talde bat antolatu nahi zuten, chasseurs basques deitua, mutil haiek (euskara baizik ez zekiten haiek) beren etxeetatik indarrean atera eta gerratokietara eramateko.

Izan ere, 1792ko Apirilaz geroztik, Alemania eta Austriako gobernuek gerra deklaratua zioten Frantziari.

- Gu soldadu? Ez gara sekulan izan! - Gu erdaldunekin, frantsesekin, hauen komenientziak defenditzera? - Geure lege eta lurrak kendu dizkigutenen alde gu gerrara?.

Hamaika negar eta malko isuri zen egun haietan euskal etxeetako atarietan senideek elkarri agur egitean; eta, ziur aski, sekulako haietako gehienak ez bait ziren itzuliko.

Mutil batek baino gehiagok, soldaduzkara ez joatearren, mendiez beste aldera, Nafarroara egin zuen ihes.